viernes, 30 de marzo de 2012

Sidonie, Nacho Vegas, Delafé y Las Flores Azules eta Lisabö MAZ Basauriren lehen edizioko izen handien artean



2012ko maiatzaren 4an, 11n eta 18an eta ekainaren 1ean, ostiralarekin, MAZ Basauriren lehenengo edizioa ospatuko da, musika alternatiboko ziklo berria, Basauriko Udaleko Gazteria Sailak diruz lagundua eta Social Antzokiaren eta NuncaMás (kontzertu promotorea) eta Ameba Kultur Elkartea (bi fm eta Bidebieta irratia bezalako hedabideen kudeatzailea) kultur elkarteen arteko elkarlanetik sortua.



“Ziklo horren hiru ardatz nagusiak honako hauek dira: herriko gazteei aisialdi aukera ezberdinak eskaintzea, Social Antzokiko eskaintza publiko musikal bati zabaltzea (Bizkaian, kultura erreferente izateko asmoz) eta Basauriko bizitza kulturala, merkataritzari eta hostalaritzari dagokiona sustatzea”, esan du Andoni Busquetek, Basauriko Alkateak. Etorne Lexartzak, Gazteria Saileko zinegotziak, nabarmendu du Basauriren indargune handienetarikoak direla eskaintza kulturala, komertziala eta hostalaritzarena, alegia, “ziklo horren bidez indartsu eta osasuntsu mantendu nahi dena. Gazte askok Basauri bisitatuko dute ziklo honi esker eta, hostalaritzari, saltokiei eta Social Antzokia berari ere mesede egiten die”.



Estatuko rock independenteko lehenengotarikoak izan ziren hainbat taldek joko du MAZ Basaurin. Zikloko lehen egunean Delafé y las Flores Azules eta Niños Mutantes zuzenean entzuteko aukera izango da. Bartzelonarrak lehenengoak, 2004an egin ziren ezagun ‘Mar, el poder del mar’ abestiak hedabide espezializatuetan izan zuen harrera bikainari esker. Aurretik Mishima, Hélena edo Songstone bezalako proiektu musikaletan arituak, hiru taldekideek Facto Delafé y las Flores Azules izenarekin ekin zioten ibilbide berriari. Lehenengo bi diskoekin, ‘El Monstruo de las Ramblas’ (2006) eta ‘En la luz de la mañana’ (2007), eszena alternatiboan oso gora iritsi ziren. Hala ere, ‘Vs Las trompetas de la muerte’ hirugarren LP arekin lortu dute mugak gainditu eta aitorpen zabalago bat jasotzea (jada bikote gisa) ‘Ciudadanos de un lugar llamado mundo’ o ‘Espiritu santo’ bezalako kantuekin.



Bestetik, Niños Mutantes, 90eko hamarkadaren erdi aldera Granadan sortutako taldea, gaur egungo indie-aren baitan bandarik sendoenetako bat da. Zortzi disko kaleratu dituzte, eta, euren izaera bereziari esker, oso erraz identifikatzen den soinua eraiki dute. Hamabost urte baino gehiagoko ibilbide honetan, Niños Mutantesek ia denetik egin du: Raphael edo Depeche Mode-ren bertsioak edo, Neil Young, Wilco edota Radiohead bezalako taldeen eta Los Brincosen influentzien nahasketak. Euren disko berria aurkeztuko dute, ‘Náufragos’, orain aste batzuk editatua.



MAZen bigarren egunean, maiatzaren 11n, Nacho Vegas eta The New Raemon izango dira Basaurin, Estatu mailan oso miretsiak diren bi konposatzaile. Vegas (Gijón, 1974) Eliminator Jr eta Manta Ray taldeetako kide izan zen; 90eko hamarkadan Estatu mailako indie-aren baitan garrantzi handia izan zuten batak zein besteak. Ordea, orain hamarkada pasatxo hasi zuen bakarkako ibilbideak lortzen zaila zirudien mailak gainditzera eraman du, eta momentuko artistarik errespetatuenetako bat da oraintxe bertan.



The New Raemon, bestalde, Ramón Rodríguez bartzelonarraren alter egoa da, Madee taldeko abeslari eta gitarra-jole ohia, orain lau urte bakarkako ibilbide ikusgarri bat hasi zuena. Ordutik, ingelesaren ordez gaztelania erabiliz eta izaera handiko prosa zorrotz, garaikide eta ausarta bidelagun hartuta, gelditu gabe hazten joateko aukera eman dioten sei lan diskografiko kaleratu ditu.



MAZaren hirugarren egunean azken hamarkadako musikari euskaldun garrantzitsuenetako bi igoko dira taulagainera: Lisabö eta Anari. Lisabök, 90eko hamarkadaren amaieran Irunen sorturiko taldeak, beti jaso du kritikaren aitorpena, baina ‘Animalia lotsatuen putzua’ diskoarekin (Bidehuts, 2011) egin du eztanda; lan honek Mondosonoro edo Rockdelux bezalako aldizkarien azaletara eraman zuen taldea (urteko diskorik onena bigarrenean).



Anari Alberdik bere aldetik (Azkoitia, 1970) gure inguruko ahots femeninorik berezienetako bat duela demostratu du hamabost urte baino gehiagoko ibilbidean zehar. Nick Cave edo Bob Dylanen influentziek inguratuta, emozioz beteriko rock gordin eta poetikoa landu du beti. ‘Irla izan’ bere azken lana aurkezteko formatu akustikoan egindako biraren ostean, hauxe izango da taldeak lagunduta eskainiko duen lehenengo kontzertua.



MAZ Basauriren lehenengo edizio honetako azken egunean, ekainaren 1ean, Sidoniek eta Dinerok joko dute. Egungo talderik kamaleoniko eta ausartenetako bat da Sidonie. 90eko hamarkadaren amaieran sortu zen taldea Bartzelonan. Ingelesez abestu zuten euren lehenengo diskoetan, eta George Harrison, David Bowie edota Pink Floyd bezalako taldeen eragina agerian uzten zuen psikodelia laino batek inguratzen zituen. Hurrengo diskoetan, ostera, gaztelaniaren aldeko hautua egin eta doinu mediterraneoagoetara pasa ziren. ‘El Fluido García’ da euren azken diskoa (2011), eta haienak dira ‘El Bosque’, ‘A mil años luz’ edo ‘Nuestro baile del viernes’ bezalako kantu arrakastatsuak.



Sidonie-rein batera Dinero izango da taulagainean ekainaren 1ean. Sean Marholm-ek (ahotsa eta gitarra), Rubi Gimenezek (baxua) eta Ekain Elorza bateria-jole bizkaitarrak (Seiurte) osatu zuten taldea Madrilen 2007ko udan. 2009an grabatutako izen bereko diskoa eta EP bat dituzte, eta, euren ibilbidea laburra den arren, Sonorama eta Rock In Rio bezalako jaialdietan jo dute. Base erritmiko indartsuak, disco-tik rock-era doazenak. Dinerok…., dantzan jarriko zaitu. Euren bigarren diskoa aurkeztuko dute Basaurin.





Besaulkirik gabe eta edariak modu onean

Basauriko Social Antzokiak, Estatuko antzokirik garrantzitsuenetakoa denak, itxura berria estreinatuko du MAZn: ohiko besaulkiak desagertu eta 700 lagunentzako edukiera izango duen areto bihurtuko da. Edariak modu onean salduko dituen barra bat ere jarriko da bertan.



Sarrerak salgai martxoaren 27an

MAZ Basaurirako sarrerak martxoaren 27an jarriko dira salgai, arratsaldeko 17:00etatik aurrera: aldez aurretik erosiz gero 10 euro + bidalketa gastuak ordaindu beharko dira egun bakoitzerako sarreraren truke, eta egunean bertan, 12 euro. Horrekin batera, lau egunetarako balioko duten 30 euroko 100 bono ere jarriko dira salgai.





MAZ BASAURI

Musika Alternatibo Zikloa Basauriko Social Antzokian

BASAURI (Bizkaia) Social Antzokia



Ostirala, maiatzak 4, 21.00 (ate irekiera)

DELAFÉ Y LAS FLORES AZULES

+ NIÑOS MUTANTES



Ostirala, maiatzak 11, 21.00 (ate irekiera)

NACHO VEGAS

+ THE NEW RAEMON



Ostirala, maiatzak 18, 21.00 (ate irekiera)

LISABÖ

+ ANARI



Ostirala, ekainak 1, 21.00 (ate irekiera)

SIDONIE

+ DINERO



Kontzertu bakoitzerako sarreraren salneurria: 10€ + gastuak aurretiazko salmenta / 12€ leihatilan

Lau kontzertuetarako 100 bonoko serie mugatua: 30€ + gastuak –aurretiazko salmenta bakarrik-.



Salmenta guneak:

BBKaren kutxazain automatikoak, www.generaltickets.com, 944 310 310

Social Antzokiko leihatila edo 944 666 393 (arratsaldez)



Nola iritsi:

Metro Bilbao / Geltokia: Basauri / Irteera: Basozelai (Social Antzokitik bi minutura oinez)

Azken metroa: goizaldeko 1.47ean ostiraletik larunbatera.



Informazio gehiago:

www.mazbasauri.com

www.bifmradio.com

www.facebook.com/mazbasauri

Twitter: @mazbasauri #mazbasauri






No hay comentarios:

Publicar un comentario